2023/03/31

110. streeteko geltokia


Hau da azken asteetan 3. DBHko ikasleok irakurri dugun liburua. Iñaki Zabaleta Urkiola idazle nafarrak idatzi zuen genero beltzeko eleberri hau.
New Yorkera arrazoi politikoengatik ihes egindako Joseba gazte euskalduna du protagonista. Han bizimodu gogorra du. Sukaldari lanetan dabilela, ugazabaren xantaiaz droga trafikoan nahastuta ibiliko da. Aldi berean, kartel batean jarritako mezuen bitartez Angie neska gaztea ezagutu eta harekin maiteminduko da. Josebak xantaia ukatu eta trafiko sarea uztea erabakitzen duenean, sareko kide batek hil egingo du.

2023/03/30

 


4. DBHko ikasleek irakurri duten azken liburua dugu hau.

David Lozanoren liburu honetan, goizaldean bi bizitza gurutzatzen dira sarean. Bi gazte joko misteriotsu batean: ametsak, ilusioak eta kezkak partekatzen dituzte, baina ez identitateak. Laster emango dute hurrengo pausoa: itsu-itsuko hitzordua. Dena den, ezezagunekin elkartzea arriskutsua da, zeren... denok ezkutatzen baitugu sekreturen bat. Hilotz bat. Mutil gazte baten gorpua. Desitxuratuta dago, eroriko bortitz baten ondorioz. Bizitza gazte bat betiko suntsituta. Galdera asko eragiten dituen heriotza bat. Bi istorio, gau berbera eta susmo ilun bat.


2023/03/22

EUSKARAREN ERABILERA....


Azken egunetan 1. Batxilergoko ikasleek 6 orduko tailer bat jaso dute Lasarteko “Ttakun” elkartearen eskutik.

Helburua, hainbat dinamika eta jolasen bitartez, hizkuntzen inguruan eta bereziki euskararen inguruan hausnarketa bat bultzatzea da. Hizkuntzarekiko jarrera kontziente bat bilatuz, euskararen inguruan egiten diren jardueretan gazteen inplikazioa lortu nahi da.

Oso gustura aritu dira bai ikasleak eta baita tailerreko gidari izan den irakaslea (Ander) ere. Ea orain saio hauen eragina nabaritzen den ikasleen artean.