
DBH3ko ikasleek irakurri berri duten eleberria
Hirurogeita
bederatzigarren urtea da, Apolo XI ilargira iritsi eta gizakia lehen aldiz
hango lurra zapaltzear zegoela; Javier 15 urteko protagonista madrildarra
Santenderrera bidali dute hango senitartekoekin uda pasatzera, aitaren
gaixotasun kutsakorra dela eta. Hango familia gainbehera etorritako XIX.
mendeko aberatsen leinukoa da, eta dituen bitxitasun guztien artean bat da
bitxiena: lau alaba dituzte, Rosa, Margarita, Violeta eta Azucena, zein baino
zein bereziagoak. Oso giro egokia Javier bere oskoletik ateratzen hasteko, hain
gustuko dituen zientzia fikziozko irakurketak pixkanaka atzean utziz. Areago,
tartean fantasma bat baldin badago! Kasualitatez, bestalde, Javierren adin
bereko ahizpa ere, Violeta, oso literaturzalea da, eta bien arteko elkarrizketak
testuartekotasun ugariren aitzakia dira. Oro har, eleberriak etxetzarren eta
goi-burgesen mundu helduezin batera darama irakurlea.
Ikuspuntuari
dagokionez, istorioa Javierrek berak kontatzen du gaur eguneko ikuspegiarekin,
helduaren begiradarekin. Baina gauzak hainbeste aldatu dira oso urte gutxitan!
Perspektiba atzeratu horrek zenbait anakronismo eragiten ditu, istorioaren
garaia narrazioaren garaiarekin nahastetik eratorriak. Esaterako,
162.orrialdeko komentarioa: "Gero konturatu nintzen (Gabrielek) batzuetan
totelka egiten zuela hizketarakoan, hitzak trabatuko balitzaizkio bezala.
Nesken bihotza samurtzen duen tik tipikoa, pentsatu nuen". Azken
pentsamendu hori berrogeita zortzi urteko narratzaileari dagokio, noski, eta ez
hamabost urteko eskarmentu gutxiko protagonistari.
Irene
Aldasoren itzulpenaren bermearekin dator liburua, eta itzultzaileak ez dio
erantzunkizunari iskin egin: oro har, oso ondo islatuta daude garai hartako
giroa eta hizkuntza ohiturak.